XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez zaitez joan, Didac, ez zaitez joan! Ez dut hil zaitezen nahi!.

Musu eman zion, grina harrigarri antzeko batekin, eta mutikoak, laztan hura edota itxuraz bera aurkitzen zen putzuaren barreneko hitzak entzun balitu bezala, begi zuri eta gorri batzuk iriki, eta bere ezpain zartatuak mugituz, zera xuxurlatu zuen: - Aterako nauzu honetatik, ezta, Alba?.

Neskatxa negarrez hasi zen, zotinka, bihotza jo eta ke, ahitu antzean kolpeka ari zen bularraren kontra kokildua, eta buruarekin, eskuekin, keinu txiki bat eginaz bakarrik erantzun ahal izan zion.

Eta berehala areagotuz joan zen aldaketa bat hasi zen biharamunean.

Sukarra azkar ari zitzaion jeisten eta azala ezkatatzen ari zitzaiola hauteman zuen Albak, batez ere izpilak zituen lekuan, non zahi antzeko zerbait sortzen zen.

Medikuntza hiztegiak joritasun aldian zegoela adierazi zion.

Hogeitalau orduren buruan seinale on haiek egiaztatu zituzten bi gauza gertatu ziren: batetik, Didacek zortzi egunetan lehenbiziko aldiz egin zuen lo lasai, eta bestetik, termometroaren ondorengo irakurketak merkurioa hogeitamazazpi eta batean geratuta zegoela adierazten zuen.

Baina ez zegoen adierazpen hoberik mutikoaren aurpegia eta gaixotu zenean arduratzen zituzten gauzengatik galdezka hastea baino.

Lehen-lehenik jakin nahi izan zuenetako bat zera izan zen, ea hegazkin borobilak bueltan etorri ziren.

- Ez, ez dira gehiago etorri.

Egia esan baziren egun batzuk haiekin gogoratzen ez zela.